Bosgarren edizioan, #SheMentoring erreferentziazko gune gisa finkatu da Zientzia Astearen barruan, EHUko emakumezko ikertzaileen lana ikusarazteko. Bere helburua argia da: bereziki umeak eta gazteak inspiratuko dituzten erreferente errealak eta gertukoak sortzea, bokazio zientifikoak sustatuz eta zientziaren inguruko genero estereotipoak hautsiz.
Lehen ediziotik, hainbat jakintza-arlotako 120 lankidek baino gehiagok hartu dute parte ekimen horretan, eta partekatu dute beren eguneroko jarduna laborategian, artxibategietan, lantegietan, ospitaleetan edo sorkuntza-zentroetan. Izan ere, zientzia leku askotatik egiten da… eta emakume askok egiten dute.
Ekitaldiak irauten duen bitartean, ikerlariak, batez ere doktore-tesia egiten ari direnak, txokoan egongo dira, beren lana modu hurbilean partekatuz, hizkera ulergarrian eta publiko orokorrari egokituta. Aukera paregabea izango da bertatik bertara ezagutzeko zertan datzan ikertzea, galdetzea, solasean aritzea eta gaur egun unibertsitatetik ikertzen diren gaien aniztasuna deskubritzea.
Gainera, etxetik (edo txokotik bertatik) ekimenean parte hartzen duten beste emakumezko ikertzaileen profilak arakatu ahal izango dituzu. Sare sozialetan egindako kanpaina baten eta karrusel formatuko txosten interaktibo baten bidez (webgunean eskuragarri dagoena), haien ikerketa-ildoak ezagutuko dituzu, eta haien argazkiak ikusiko dituzu haien lan-ingurunean. #SheMentoring-en irismena zabaltzeko eta gure inguruan zientzia egiten duten askoz emakume gehiago ikusarazteko modu bat, gure unibertsitatearen Eman ta Zabal Zazu leloari jarraituz.