UPV/EHUko hainbat sailetako ikasleek eta doktoregaiek osatutako “Fotonekin” zientzia-dibulgazioko elkarteak argiarekin eta kuantikarekin lotutako esperimentu batzuk prestatu ditu stand horretarako, publiko orokorra gogoan hartuta eta txikienentzako egokitzapenekin.
Parte-hartzaileek hainbat esperientzia biziko dituzte talde txikitan. Elkarteko hainbat kidek beharrezko azalpenak eman eta galderak erantzungo dituzte.
Kasu guztietan, esperimentu dinamikoak eta interaktiboak dira, eta kriptografia kuantikoarekin, laserrekin, irudi-eraketarekin, fluoreszentziarekin eta fosforeszentziarekin lotuta daude, besteak beste. Esperientziak jolas, mezu-bidalketa, lehiaketa edo dibulgazio-materialarekin elkarrekintza gisa garatuko dira, betiere gure taldeko kideren baten aurrean.