Zer da Zientzia Astea?

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen du, inguruan dutenari buruz jakin-mina duten guztiek –gazteek zein helduek, umeek zein nerabeek– aukera izan dezaten zientzia lanbide dutenekin zientzia ikusi, entzun, sentitu eta horretaz berba egiteko.

XXV. edizio honek plastikoak eta mikroplastikoak izango ditu ardatz. “Zientzia plastikorik gabeko planeta baten alde” lelopean eskaintza zabala antolatu da. Tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, monologoak, irteerak, bisita gidatuak eta hamaika gauza gehiago aurkituko dituzu. Jakin-min apur bat, eta ondo pasatzeko gogoa, ez dugu gehiagorik behar Zientzia Astera hurbiltzeko.

Euskal Herriko Unibertsitatean egiten diren ikerketak eta esperimentuak ikusi eta ezagutuko dituzu. Ikertzaileekin hitz egiteko aukera izango duzu, zalantzak argitu eta asko ikasteko ere. Itsas iraunkortasuna, adimen artifiziala, robotika, auto elektrikoak, kimika, osasuna, astronomia eta beste hainbat gai deskubritzeko aukera. Zure adina edozein dela, ziur interesatzen zaizun zerbait topatuko duzula. Ez duzu aitzakiarik.

Zatoz azaroaren 5etik 9ra Bilboko Bizkaia Aretora, Donostiako Tabakalerara, Gasteizko Bibat Museora, eta Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikora.

Zure zain gaude!