Lekua: Data eta Ordutegia: Publikoa: guztientzat Iraupena: 3 ordu |
Jarduera MATER ontzian burutuko da, Pasai San Pedron kokatuta dagoena. Parte-hartzaileek, benetako zientzilariak bailiran, itsas hondakinen zuzeneko bilketa eta sailkapena burutuko dute, parte-hartze dinamika batean; izan ere, partaideak hiru postu ezberdinetatik pasako dira: behaketa, salabardoen ardura eta sareen ardura.
MATER ontzitik bi sare mota itsasoratuko dira, bata mikroplastikoak arrantzatzeko eta bestea, gainazaleko mikroplastikoen laginketa egiteko; horrela, arreta berezia jarriko da (mikro)plastikoen jatorrian, erabilpenean, presentzian, edo/ta eskuratutakoaren kantitate eta sailkapenean. Dinamika MATER ontziko tripulazioak zuzenduko du batez ere eta itsasoko zaborra jasotzeko argibide eta baliabideak eskaintzeaz arduratuko da.
Ikusten den zabor plastiko handia jasotzeaz gain, parte hartzaileek gure itsas uretan aurki ditzakegun mikroplastikoak jaso eta ikusi ahalko dituzte in situ. Gainera, itsasotik itzultzean, arrantzatutako itsas hondakinen karakterizazioa eta mikroplastikoen sarearekin harrapatutako laginaren analisia egingo dute.
Zientzilariek eskainitako azalpenak jarraituz, plastiko horiek itsas uretan bizi diren organismoetan eragin ditzaketen kalteen inguruan hausnartu ahalko dute parte hartzaileek. Horrela, plastikoek orohar baina zehazki mikroplastikoek gure bizitzetan duten presentziaz eta beraien erabilpena murrizteko edo/ta sortzen den zabor plastikoa ondo kudeatzeko bideen inguruan kontzientzia zabaldu nahi da.
Horrela, irteera honekin helburu nagusi bi eskuratu nahi dira: alde batetik partaideak itsas hondakinen eta mikroplastikoen arazoaren inguruan sentsibilizatu nahi ditugu, hau da, plastikoek gure bizitzetan duten presentziaz eta erabilpena murrizteko edo/ta sortzen den zabor plastikoa ondo kudeatzeko bideen inguruan; bestetik, herritar zientzia erabiliz, parte hartzaileak itsasoko zaborren eta mikroplastikoen laginketa egitearen protagonista zuzen bihurtu nahi ditugu.